Home / arratia

arratia

ARRATIA

Arratiako Udalen Mankomunitatea 1982. urtean sortu zen lehen udal eskuduntzakoak ziren zenbait zerbitzu herri guztiei emateko, udalen arteko harreman historiko sendoak eta behar komunak kontuan izanez.

Udalak elkartu zirenetik, Mankomunitatea nabarmenki garatu da guztien artean egindako lanari esker eta, ondorioz, herritarren bizi-kalitatea ere hobetu egin da.

Arratiako Udalen Mankomunitatea honako udal hauek osatzen dute: Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri. 206,70 km2-ko azalera du gutxi gorabehera eta bertan 13.500 biztanle bizi dira.

Arratia Bizkaiko hegoaldean dagoen eskualdea da. Hori dela eta, bertako biztanleoi nortasun bereizia ematen diguten historia, kultura eta ohitura komuna ditugu eta, aldi berean, ezaugarri horiek inguruko beste eskualdeetatik desberdintzen gaituzte.

Mankomunitatearen bereizgarri nagusia bertako baliabide natural miresgarriak dira. Bi parke natural ditu, Gorbeiakoa eta Urkiolakoa, eta udalen ondare historiko eta kulturalak ere badu bere garrantzia.

Webgune honen bidez, geure baliabide natural, historiko, ekonomiko, kultural eta artistikoei buruzko ezagutza herritarren esku jarri nahi dugu. Horrez gain, eskualdeko albisteen eta programatutako jardueren berri emateko baliabidea izango da. Laburbilduz, webgunea Arratiari buruzko informazio guztia edozein pertsonaren esku jartzeko baliabidea izatea espero dugu.

Industrian izan duen eragin nabarmena ere azpimarragarria da; izan ere, eskualdeko eta Bizkaiko beste herrietako pertsona askok industriaren sektorean lan egiten dute.